Txistuaz
 

NOLAKOA DA EGUNGO TXISTUA?

 

 

 

 

FA tonuan afinatutako txistu baten iduri lagungarria damaizuet. Neurriak milimetrotan daude. Ikus daitekeenez barneko zuloa zilindrikoa da. Zura ebanoki edo ezpelkia izan ohi da, batzuetan gai sintetikoez ere egin daiteke. Erabiltzen diren metalak, latoi, alpaka edo zilarrezkoak dira.

TXISTUAREN EZAUGARRIAK

txistuaAspaldiko txistuak neurri askokoak izan bide ziren, baina gureganaino hiru neurri estandarizatu iritsi dira: berez Txistua dena (FA edo FA# tonuetan afinatua) Silbotea (SIb, SI edo DO tonuetan afinatua, hots txistua baino laudun edo bostun batez. baxuago afinatua) eta Txirula (hau beti DO tonuan afinatua), silbotea baino zortzidun batez zorrotzago afinatuta. Musikatresna hauetariko bakoitzak bere berezitasunak badauzkan arren digitazioa ber-bera dute hirurek.

Txirulaz bestalde, hau zurezkoa baita osoki eta zati bakarrekoa, gainerako musikatresnak zatika egiten dira, honela tonalitatez aldatzeko beheko zatia aldatzea aski da goikoa beti ber-bera erabiliko delarik Maizen erabilitako zura ebanokia da, nahiz eta ezpelki eta eltzaurkia (intxaurkia) erabili ohi diren, are metala eta plastikoa ere! Osagai metalikoei gagozkielarik. kromatuak izaten dira eta musikatresnetan diren onenetan zilarrezkoak

Txistua bezalako musikatresna baten afinazioa, hots, giltzarik ez duen eta hiru zulo soil-soilik dituen musikatresna baten afinazioa jotzailearen mende dago neurri haundian. Hala ere ezinbertzekoa da musikatresnaren oinarrizko afinazioa ona izatea, honetarako ikerketa zein proba franko egin da edozein tonalidadetan afinatuta jotzeko gauza diren gaur egungo musikatresnak erdiesteko. 

NOLA JOTZEN DA TXISTUA?

Hau ez da txistu ikasbide bat azaltzeko lekurik onena. Hala ere, irudian oinarrizko digitazioa ikus daiteke. Erdi estalita dauden zuloetan franko lan izanen dugu afinazioa itxieraren araberakoa baita.

Eta ez ahantzi: txistua ezker eskuaz jotzen da!


Txistua FA tonuan dago afinatuta. Erran nahi baita txistuarentzako parlituran FA nota ikusten duzunean DO bat adituko duzula. Nahasteko modukoa, ezta? Ohitura zaharrak dira Lehen DO nagusiko eskala musikatresnaren oinarrizko hotsetik hasten zen eskalari zeritzan. azken hau edozein izanik ere.

ZER ERRITMO JOTZEN DIRA DANBOLINEZ?

Erritmo arnankomuneko ohiturazko dantzak badira Euskal Herrian. Danbolina eramateko modu bat honako hau dugu:

TXISTUAREN HISTORIAZ OHAR BATZUK

Txistuak Euskal Herriaren historia guztian, bizirik iraun du. Aspaldidanik, aintzinako euskaldun batek hezurrezko bere lehen txistua egin zuenetik, gure artean bizi da. Txistua, historian zehar, garai bakoitzan zekarren teknikabideari ezker, soinuz eta itxuraz hobetuz joan da. Eta hau, zalantzarik gabe ez da kasualitatez izan; gure artean, euskaldunen artean, izan duen maitasunaren fruitu baizik J.I. Antsorena

Jakina denez, hiru zulodun flauta zuzena kultur eta zibilizazio gehienek erabili dute, gaur egun, oraindik ere, leku anitzetan bizirik dirau. Jotzeko esku bakarra behar baita musikaria bertze eskuaz balia daiteke musikatresna erritmiko bat jotzeko honela "gizaki bakarrteko orkestra" deritzana osatzen duelarik.

Maiz aski, flauton afinazioa nahiz neurriak ez dira estandarrak, guti goiti-beheitikoak baizik. Bakarka jotzekotan ez du honek inolako arazorik sortzen. Berezitasun honek, aitzitik, musikatresnoi bertze talde haundiagoetan sartzeko bidea galerazi die flauta hauen erabilera herri-musikaren esparrura derrigortu duelarik.

Txistua bide honetxeri zerraion, zalantza izpirik ere ez dago, baina zerbait gertatu zen: hemezortzigarren mendean, euskal noble batzuek, Peñafloridako konteak zuzendurik, Euskal llustrazioa izenaz ezaguturiko ideia entziklopedistadun mugimendua sortu zuten. Beronen lanetariko bat txistua eta Euskal Herriko dantzak herri-esparrutik askatzea zen ondoren gortera barnerazeko. Eta hau, jakina, ezin egin zitekeen aldaketarik gabe. Lehenengo eta behin musikatresna moldatu zuten bi zortzidun zeharo afinaturik ematen ahal izateko gisan. Bigarrenik txistu haundiago bat asmatu zuten, silbotea deritzana, honek ahots askoko idazkera polifonikoa ahalbidetu zuen. Azkenik txistu hobetu honentzako musikak konposatzeari eta moldatzeari ekin zioten, gogotik ekin ere! Ez da harritzekoa, beraz, txistuarentzako musika askok halako izaera barrokoa eduki dezan, Aurresku izeneko dantza multzoko"Agurra", ezagunean antzeman daitekeen bezala.

Hala eta guztiz ere aldaketok ez zuten eragin haundiegirik herri-musikan musikariek egitura berriko txistuak erabilirik ere ohiko melodiak jotzen segitu baitzuten. Honek guztiak bi tradizio ezberdin sortarazi ditu: alde batetik herri-ttunttuneroak, usu musikarik ikasi gabeak eta belaunaldiarengandik belaunaldiarengana ikasitako musikak jotzen dituztenak eta bertze alde batetik hiri haundietako txistulariak, txistu-eskoletan ikasten dutenak eta txistuarentzat idatzitako musika jotzen dutenak. Bi talde motok, noski, ez dira hertsiak eta elkarrengan eragin haundia izan dute baina bi taldeon arteko bereizketak, hein haundi batean, oraindik ere badirau.

Zuberoak (Soule frantseseraz eta Xiberúa bertako euskalkiaz) aipamen berezia merezi du. Bertan txistuaren aldaki bat gorde da, txirula, neurriz tikiagoa eta zurez edo hezurrez egindako ahoa duena aspaldi bezala. Berau sei sokako Ttun-ttun edo salterio batek lagunduta jotzen da. Gehienbat dantzak jotzeko erabilkatu da, baina azkenaldion batez ere, kontzertuko tonuan afinatuta egotearren, folk taldeetan entzun ohi da bere tinbre alai eta zorrotza nabarmentzen delarik.

TXISTUARENTZAKO OHIKO MUSIKA

Atal hau Lizarrako Aita Olazaranek idatzi
"Txistu, tratado de flauta Vasca"
delakotik hitzez hitz.itzuli da

Euskal Herriko flautaren baliabide urriak ikusita musikatresna honek sorturiko musika soilik melodia xume-xume batzuetara mugatuta dagoela pentsa liteke. Hala ere, orain arte argitara emaniko bilduma nagusietan daudenek gehi argitara eman gabeek mila melodia ohikoko bilduma osatzen dute. Altxor aberats honen iraupena, gurasoengandik seme-alabengana zintzoki iraganikoa, inolako formakuntza musikalik gabeko txistulari xumeei esker suertatu da, batez ere Nafarroan.

Txistuarenzako melodiarik zaharrenak badute ezaugarri nagusi bat SOL nagusian daude baina FA naturalarekin, gregorianoaren zazpigarren modu dizdiratsua bezaIa. Erran daiteke Euskal Herriko dantza-musika guztia FA soila edo FA sostenitua duen Sol tonuan eta Do tonuan idatzita dagoela. Benetako ezuste tonalak daude, adibidez, Si soila duten FA nagusiko melodiak. Tonu minorrak (gutiak) modulazio iragankorretan edireiten dira, hagitz gutitan ageri dira pieza baten tonu orokor gisan, musika berrian ez bada.

Erritmo berezi anitzeko barietate aberatsak melodia alai horiek nabarmendu egiten ditu, azpimarratzekoak dira Baztango Mutil-dantzak edo eta Oñati eta Bizkaiko Ezpata-dantzak

TXISTUARENTZAKO MUSIKAREN SAILKAPENA

GORTEIU ERLIJIOSOAK. - Gorteiu erlijiosoak laguntzeko badira ohiko soinuak, Oñati eta Tolosako Korpuseko eta Donibane zortzikoak, Lesakako Sanferminetako prozesioko dantzak. Debako San Roke eta Berako San Estebanenak. San Pedro egunean, Lekeitioko kofradiako arrantzale batek bere Santuaren iduriaren aitzinean kaixarranka izeneko dantza arin bat dantzatzen du Kofradiaren sosak gorde dituen kutxa baten gainean. Kutxa hau zortzi anaide bizkorrek mantentzen dute. Donezteben, Lesakan, Arantzan eta Bidasoa aldeko bertze herri batzuetan herriko ikurriña kulunkatzen dute, Gorpuzti egunean JESUSEN AITZINEAN apaltzen delarik soinu solemneak lagundurik. Edo Beasainen bezala, kasu honetan herriko Patroiaren (zaindariaren) aitzinean apaltzen delarik Hauek dira gortelu erlijiosoetan jotzen diren soinu ohikoenetarikoak.

KALEJIRAK.- Denetan lehena bere orijinaltasuna dela eta Baztango eztei-soinua; hein berean karrika-soinuak edo biribilketak (orain izendatzen diren bezala), berauek sei zortziko-ko konpasa izaten dute zaharrago batzuetan bi zortziko-ko konpasa ere ediren dezakegun arren. Azkenik alboradak (besta-iragarleak) eta, orokorrean, segizio zibilak laguntzeko soinu oro. Sail honetan honakook ere bagenituzke: Baztango Sagar-dantza (etxez etxe janaripuskak biltzeko dantzatzen dena gero ihauterietan askari-afari on bat prestatzen ahal izateko Miel Otxin, Lantzen ihauterietan dantzatzen den pertsonai barregarriz osaturiko maskarada modukoa.

JOKU-DANTZAK.- Txistu musikaz lagunduriko gazteen jolasak joku-dantzatzat sailka genitzake bi ezaugarriak, hots, jolasa eta dantza, badituztelako. Dantzok karriketan eta plazetan izaten dira PUBLIKOAK dira, beraz. Aipatzekoa da Leitzan, Betelun edo eta Saran egiten den antzar-jokua, non gazte batzuek zaldiz antzarra zintzilik duen makil baten azpitik iragaten baitute. Helburua abere honen lepoa eskuratzean (hautsiz, naski) datza, lehen antzarra bizirik zegoelarik ere gaur egun hilik zintzilikatzen dute. Aipatzekoa, halaber, Goizueta eta Doneztebeko zagi-dantza Beronetan zagi puztu bat erabiltzen dute. Haren edukin gorriaz gazte oro alaitu ondotik dantzariek makilez kolpatzen dute. Bertze batzuk PRIBATUAK dira, anitz eta anitz dira, negu mineko gau ilun luzeetan baserri, etxe zein ostatuetako sukaldeak alaitzeko balio dutenak.

DANTZA OSPATSUAK (SOLEMNEAK).- Berauetan herriko biztanle eta agintari ororen esku hartzea da ezaugarririk nagusia. Urteko egunik garramzitsuenetan dantzatzen dira. Hiru talde nagusitan sailka daitezke..

GUDA-DANTZAK.-Ezpata-dantza, brokel-dantza eta makil-dantza bezalakoak Hauek Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan (Beran, Lesakan, Otsagin eta Kortesen, bakoitzak bere dantzateko era desberdina duelarik) aurki daitezke.

MUTIL-DANTZA EDO GIZON-DANTZA.- Mutilek soilik egiten dituztenak Aipatzekoak Baztango mutil-dantzak, Zuberoa eta Lapurdiko muxikoak eta Nafarroa Behereko iantza Luze.

DANTZA MIXTOAK.- Hemen neskak dira garrantzitsuenak, mutilen omenaldia jasotzen dute eta haiekin batera bikotea osatzen. Gipuzkoa eta Bizkaiko aurreskua, Bidasoalde nahiz Baztango soka-dantza eta, batez ere, Leitza, Ultzama eta Larraungo ingurutxoak. Hauen sailean Lizarrako larrain-dantza sar dezakegu, dantza mixtorik ederrena.

Dantza sorta hau ikusita ondoriozta daiteke zeinen haundia den Euskal Herriko flautarentzat (hots, txistuarentzat) egindako musikaren kantitatea. Arront musika atsegina, zinez originaltasun eta nortasun etnikokoa eta bereizgarritasun haundikoa.

TXISTU GANBARA-MUSIKAN

Txistularien errepertoriora gehitu zaion musikaren kopurua eta barietatea benetan harrigarria bada, Aita Olazaranek zioen bezala, hura bezain harrigarria da ohartzea Euskal Herriko konpositore guziek gure musikatresnari obraren bat eskaini diotela. Kasurik gehientsuenetan obra tikiak dira, zaletuek jotzeko modukoak, baina zenbaitetan opus master tikiak ediren ditzakegu.

Berriki erran dudanez, hemezortzigarren mendean idazten hasi ziren. Jakina. garaiko gustoen araberako musikak ziren, hortaz maiz aurki ditzakegu Kontrapasak, Minuetoak, Boleroak eta abar. Juan Ignazio Iztueta garain hartantxe bertantxe bizi izan zen. Honek Gipuzkoako dantzarik ospetsuenak eta abesti batzuk ere bildu zituen eta garai hartako txistulariek aire herritarrak baino soinu modemoak hobesteak haserrarazi egiten zuen. Azpimarratzekoa da garai hartan flauta-danborra bikoteak ospe haundia erdietsi zuela Frantzian eta konpositore obrak idatzi zituztela. Ezagunena Jean Philippe Rameauren "Tambourin" delakoa da, flautari probentzalek jotako musiketan oinarritua.

Urteotan Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroako Iparraldeko hiri nahiz herri haundietan txistulari taldeak osatuz joan ziren. Jantzi ikusgarriz beztiturik ospakizunei solemnidadea ematen zieten eta herriko jaiak alaitu egiten zituzten. Jotzaile batzuek benetako birtuosismoa bereganatu zuten beronek, birtuosismoak alegia, konpositoreak gero eta obra gehiago eta hobeak idaztera bultzatu eta animatuz.

Orokorki erranik herri tikiek bazituzten bi txistulari eta danbor-jotzailea herri haundiek silbotea ere izaten zutelarik. Honela, silbotaria erantsiz, Txistulari taldea osatu zen, hots bi txistulari, silbotaria eta danbor-jotzailea (Euskaraz atabalaria). Musikariok herriko nominan zeuden eta postu horiek lortzeko beren baliagarritasun musikala frogatuko zuten azterketa nahiz oposizioak egin behar izaten zituzten.

Usu txistuaren hotsa zorrotzago bilakatzeko "FA dizdiratsuan" afinatzen ziren, hau da, txistuaren oinarrizko nota FA nota baino piska bat zorrotzgao afinatuta zegoen. Hobeki ulertzeko, txistuaren DO notak Pianoaren FA notaren maiztasunkidea izan beharko luke baina afinazio berezi hau dela bide pittat zorrotzagoa da. Honek guztiak, prefosta, bertze musiatresnekiko taldeetan barneratzeko lanak izugarri zailtzen zituen.

Hondar garai honetan, aldiz, FA soilean afinaturikoak nagusitu dira aldaketa honek edozein eratako elkarketa ahalbidetzen duelarik. Txistu eta ahotsentzako franko partitura dago. Halaber gero eta ugariagoak dira txistu eta organo, piano, haize-tresna edo eta sokadun musikatresnentzako musikak. Honen adibide bikain gisan zera aipatuko dugu 1984. urtean egin zen Txistu eta Orkestrarenzako Kontzertua. Tomás Aragües Bernard-ek egina, kontzertu hau Jose Inazio Antsorenak txistuz eta Urbano Ruiz Laorden-ek zuzenduriko Bilboko Orkestra Sinfonikoak bikain jo zuten.

BERTZE MUSIKA MOTA BATZUK

Euskal folk musikan diharduten musika talde orok, jakina, txistua erabilkatu du. FA tonodun txistua baino usuago DO tonoa afinaturiko txirula erabili ohi dute. Zergatik txirula eta ez txistua? alde batetik DO tonuan afinatuta dagoelako eta bertzetik txirularen hotsa aisa zorrotzagoa delako gainerako musikatresnen hotsen gainetik hobeki nabarmentzen delarik Izukaitz. Txanbela. Xut Fanfarrea, Azala eta, batez ere. Oskorri bezalako taldeek herri musikatresnak berriagoekin ederki nahasten jakin izan dute, honela sonoritate paregabe eta errepikaezina sortuz.

"World Music" taldeko Tomas San Miguel bezalakoek (honek bere "Txalaparta" diskan) gure musikatresnari leku bat eman diote.

TXISTU ALARDEAK

Euskal Herriko herri nahiz hirietako jaietan txistu-kontzertu iendetsuak egiteko ohitura. dirudienez, mende honen hasieran hedatzen hasi zen. Kontzertuotara, ALARDE izenaz ezagunak, Euskal Herriko xoko guztietako txistulariak iristen ziren, hau dela eta elkartze eta trukatze gune garrantzitsu bilakatu ziren kontzertuok. Orain dela guti arte bakarrik txistuek (lehen eta bigarren ahotsetan antolaturik) eta silboteek esku hartzen zuten. Azkenaldion, aldiz, gero eta gehiago dira, abaguneak hala eskatuta, esku hartzen duten musikariak, abesbatzak edo eta abeslariak Honek eta egungo txistularien jotzeko maila bikainak kontzertuok zinez entzungarri agitzen dituzte.

TXISTULARIEN ELKARTEA

1927 urtean sortu zen. Elkarte honek gaur egun, guti goiti-beheiti, bi mila bazkide du. Txistularien ihardueraren ardatz nagusia izan da elkarte hau. Urteotan, Francoren diktaduraren urte batzuetan izan ezik, "Txistulari" aldizkaria argitara eman du. Aldizkari hau hiruhilabetekaria da, albiste eta partitura asko dauka. Elkarteak, hein berean, ezin konta ahal alarde eta kontzertu antolatu du, hala nola hitzaldi eta ikastaro anitz ere. Orain arte 200 bat pasata dira argitaratutako aleak, berauetan zazpi mila baina musikadun orri gehiago daude inprimaturik honek auztiak elkarteak urteotan barna egindako lan eskergaren berri zehatza damaigularik.

TXISTUAREN EGUNGO EGOERA

Txistularien artean txistuaren eremuak gibelera egin duelako ustea gero eta hedatuago dago. Honekin karrikan gero eta gutiago aditzen dela erran nahi izaten da, haren lekua trikitixek, txarangek eta abarrek ebatsi dutelako. Edo eta gazte jendeak Rock musikaren bizitasuna nahiz energiak hobetsi dituela, edo diskoteketan DJ direlakoek programatzen duten magia erritmikoa. Hau, naski, halaxe da eta logikoa da halaxe izan dadin. Ez dago eskatzerik gurea bezalako gizarte moderno eta industrialak (edo postindustrialak) gure arbaso laborari eta artzainek erabilkatu zituzten jostatzeko modu berak erabil ditzan. Hala eta guztiz ere txistuak berezko lekua erdietsi du, ene ustez, ganbara-musikan. Bere errepertorioa musika jori eta aberatsez hornitu du eta gure gizartean bertze hainbat tokitan Mokodun txirula (flauta "dulce", "de pico"-edo izenekoak) betetzen duen papera beregana dezake honela musikazaleen taldeek, zailtasun tekniko haundiegirik gabe, "musika egiteko" ametsa betearaz lezaken musikatresna bihurturik.

Itzulpena: Andoni Uzkeda