|
Gustura aritu zaigu Tomas Aragues musikaria gaurko
omenaldiaz, sortu dituen obrez eta jaso dituen sariez hizketan. Umetatik
konposatzen jardun du, eta lan berri eta berritzaileak eskainiko dizkigu
oraindik.
Eguerdian emango dizute txistulariek Urrezko
Domina. Nola sentitzen zara?
Egia esan, gainezka egin dit berriak. Ez zaizkit askorik gustatzen horrelako
gauzak, baina hau ekitaldi xumea eta zirraragarria da. Orain arte txistu
eta orkestrarako egin den obra bakarra ontzeagatik emanen didate saria. Hain justu, obra hori interpretatuko dute gaurko
omenaldian.
Jose Ignazio Ansorenak eta Patxi Aizpiri piano jotzaileak obraren bertsio
laburtua eskainiko dute. Hain zuzen ere, orkestrarako zatia pianoarekin
jotzeko eran moldatu dute.
Errenteriako 1984ko Musikasten estreinatu
zen aipatutako kontzertua. Zein ezaugarri ditu?
Eusko Jaurlaritzak sorkuntza artistikoari diru laguntza emateko egitasmo
bat jarri zuen abian 1982. urtean. Laguntza horrek bultzaturik ekin nion
obra ontzeari Esteban Elizondo eta Jose Ignazio Ansorenarekin, bera baita
egun txistuari buruz gehien dakiena.
Kontzertu honetan ez da txisturako euskal obra herrikoirik
agertzen. Hala ere, erritmoak euskal ezaugarriak gordetzen ditu. Harmoniaren
aldetik, berriz, ez da estilo berritzaileari eta abangoardistari jarraitzen
dioten obra horietako bat. Forma, ordena eta instrumentazio garbiak ditu.
Orain arte halako obra bat egiten duen lehen
musikagilea zara. Nolatan ez du beste inork horrelakorik egin?
Orain arte ez zaio txistuari halako kategoriarik eman, hots, ez da izan
bakarlari orkestra sinfoniko batean. Musikalki, biolinak edo pianoak txistuak
baino maila handiagoa dute egun. Beraz, nahikoa gauza berritzailea da
horrelako kontzertu bat.
Horregatik interpretatu da pare bat aldiz
soilik?
Aurrez esan bezala, Errenteriako Musikasten estreinatu zen, 1984. urtean.
Ondoren, 1998. urteko abenduan interpretatu zuen Bilbon hango orkestrak.
Harrezkero ez da inoiz jo. Hala ere, badirudi 2002. urtean Euskadiko Orkestrak
joko duela. Urte horretan txistulari elkartearen 75. urteurrena izanen
da.
Nik ezin dut azaldu zergatik ez den obra hau gehiagotan
aurkeztu. Izan ere, oso gureak diren obrak dira, baina kosta egiten zaie
bidea egitea eta kontzertu tradizional baten barruan eskaintzea. Nire
obrarik esanguratsuena, Euskal Requiem-a (1991), estreinaldian bakarrik
eskaini zen osorik. Baina musika garaikidean askotan gertatzen da obra
behin bakarrik jotzea; kosta egiten da bigarren aldiz eskaintzea. Hala
ere, askotan, gustura gelditzen gara behin interpretatzea behintzat lortzen
delako.
400 obra inguru sortu dituzu, era eta estilo
askotarikoak. Asko, kontzertu hau legez, berritzaileak.
Ni ez naiz musikari abangoardista, nahiz eta gauza berritzaileak egin.
Berritasuna edukian bertan egon baitaiteke. Bestalde, nik gutxien txisturako
konposatu dut. Nire benetako pasioa orkestra sinfonikorako lan egitea
da, eta koruarentzat.
Eta ba al duzu esku artean orkestra sinfonikorako
obrarik?
Horixe da nire bizitzako ilusioa. Eta, hain justu, horretan ari naiz orain;
orkestra eta koruarentzat sinfonia handi bat egiten, non sinfoniaren mugimendu
bakoitzean Bibliako salmo bat sartuko dudan. Bi eginak ditut, beste bi
falta zaizkit. .
Zure lanek dozena erdi bat sari jaso dituzte.
Zein duzu kutunena?
1982an Valentzian irabazi nuen musika bandarako nazioarteko lehen saria.
Suite de concierto izena zuen konposizioak. Beste obra saritua eta banda
askotan jo dena Honbarribia Hiria saria jaso zuen Fuenterrabia-Hondarribi
lana da. 1976an egin nuen. 1980. urtean Erroman irabazi nuen nazioarteko
beste sari bat, poema sinfoniko koral batekin: Annunciate la parola.Donostiako
Musika Kontserbatorioko zuzendari, Easo koruko zuzendari, Euskadiko Orkestra
Sinfonikoaren laguntzaile… hainbat ardura bete dituzu. Orain, erretiraturik
zaudela, denbora gehiago izango duzu sortzeko, ezta?
Erretiratu berri naiz, eta denbora gehiago dut gauzak
egiteko. Baina orain hainbeste jende gogoratzen da nirekin eta hainbeste
gauza eskatzen dizkidate, ez dut konposatzeko betarik! Hala ere, obra
handi bat prestatzen ari naiz azken hiru urteotan. Kontserbatorioko perkutsio
katedradun Alberto Goienetxeren Africa deituriko poema ari naiz moldatzen.
Berak koru eta perkutsioarentzat egin zuen lan hori, eta ni orkestra eta
koru handira eramateko egokitzen ari naiz.
Bestalde, gaur bertan txistu eta pianoarekin interpretatzeko
sonata txiki bat oparituko diet Euskal Herriko Txistulari elkarteko lagunei.
Txistua ikasten ari direnentzako egin dut lan hau, askotan ez baitakite
zein obra jo.
Interpretazioak
«Musika garaikidean maiz gertatzen da sortu dugun obra behin bakarrik
interpretatzea»
Obra berria
«Egiten ari naizen sinfonian, Bibliako salmo bat sartuko dut sinfoniaren
mugimendu bakoitzean»
Txistua
«Orain arte txistuari ez zaio halako kategoriarik eman, hots, ez
da izan bakarlari orkestra sinfoniko batean»
|