PETIRI DANBOLIN
Txirri Mirri eta Txiribiton pailazoak urte asko daramatzate abestiak sortzen eta egokitzen, publikoaren aurrean eskaintzen eta diskoetan grabatzen. Eta hasi zirenetik, txistulariak direlako, txistuari garrantzia eman izan diote lan honetan. Bilduma honetantxe urteetan zehar txistu doinuaz sortutako abestiak jarri dituzte.
  • Batzuetan gehiago eta besteetan gutxiago, baina beti, ustez, behar zuen neurri zehatzean. Azken batean txistulari edo pailazo bi jardun oso antzekoak dira. Besteei alaitu behar diete bizitza. Mikazteko lanetan beste batzuk arduratzen dira. Ari, ari, ari... Txirri, Mirri eta Txiribiton txistulari!
  • Txirri, Mirri eta Txiribiton ez da bakarrik euskal pailazo talderik jatorrenaren izena. Aspalditik, hiru pertsonaia hauek gure kulturak eman dituen xelebreen zerrendan sartu ziren, Pernando Amezketarra, Txirrita edo Lazkao Txikirekin batera. Horregatik, hasierako garaietan antzezpenak besterik egiten ez bazuten ere, geroago telebista saioak, ipuinak, komikiak... baita marrazki bizidunak ere egin izan dituzte. Euren papera antzezten zuten pertsonen gainetik gaur egun euskaldunen fikziozko mundutxoan Txirri azkarra, Mirri bihurria eta Txiribiton adiskide samurra beren gisan ibiltzen dira, Tortolika hegazkinaz zerua zeharkatuz, Barrebusa auto irrigarrian errepideak korrituz, edo Pelipe trenean batetik bestera bazterrak nahastuz.
  •  Hiru euskal pailazo hauen ibilbidea luzea eta kalitatezkoa izateaz gainera, geldiezina da. Berriro datoz plazara eskaintza eder berezi batez: Petiri Danbolin diskoa.
  • Urte asko daramatzate abestiak sortzen eta egokitzen, publikoaren aurrean eskaintzen eta diskoetan grabatzen. Eta hasi zirenetik, pailazoz gainera txistulariak ere direlako, txistuari garrantzia eman izan diote lan horretan. Petiri Danbolin bilduma honetan urteetan zehar txistu doinuaz sortutako abestiak jarri dituzte. Batzuetan txistu gehiago eta besteetan gutxiago, baina beti behar zuen neurri zehatzean. Lehendik argitara emandakoak dira denak, baina gehienak aspalditik ez zeuden merkatuan eta eskuratzeko zailak gertatzen ziren. Azken batean txistulari edo pailazo izatea oso antzeko jardunak dira hirukote honen ustez. Besteei bizitza alaitu egin behar diete. Mikazteko lanetan beste batzuk arduratzen dira. Ari, ari, ari, Txirri, Mirri eta Txiribiton txistulari!
  • Egia da lehenago ere disko asko eman dituztela argitara, baina orain dakarten gonbitea apartekoa da. Izenpurutik hasita, Petiri Danbolin antzinako euskal kulturaren imajinarioan gosearen irudi pertsonifikatua baitzen. Alegia, euskal tradizioan gose gehien pasatzen zuena danbolinteroa zen. Gure pailazo hirukote honek, gosearen inguruan (Txiribitonek bereziki) hamaika istorio barregarri izan ditu eta izango etorkizunean. Badu zer pentsatua hasiera honek: gosez daudenak, pobreak, barrerako samurragoak al dira asetuta daudenak baino? Aspaldiko kritikari batek idatzi zuenez, “hirukote hau ez da barre egin araztearekin konformatzen, haurtxoentzat eta helduentzat ere balio handiko mezuak komunikatzen dituzte”. Hori ere garbi ikusten da abesti bakoitzari ezarri dizkioten aurkezpen hitz laburrak irakurrita. Edo kolaboratzaile zerrenda luxuzkoan: Kike Amonarriz, Xabier Telleria, Jose Ramon Senperena, Karlos Giménez... Beraiei guztiei pailazo hauen adiskide minenak diren Xabier Otaegik, Jose Inazio Ansorenak eta Txema Vitoriak eskerrik beroenak eman nahi dizkiete. Kasu honetan azala eta irudien diseinua Ekain Kazabon artistak egina da. Hauek dira diskoa osatzen duten abestiak: Baratzeko pikuak, Sagarra, Idiarena, Han urrun etxe poxpola, Erromako zubia, Euskal Herriko mendiak, Ilargi Amandrea, Euskaldun makila, Petiri Danbolin, Pilotan, Agur, Xiberua eta Atzo atzo.
  •  Plazaratze honekin batera, Euskal Telebistan hasi zireneko hogeita bostgarren urtea betetzen hasi dira, joandako abenduaz geroztik. Datorren martxoan, pailazo hasi zirenetik hogeita hamazazpi ordea. Hori dela eta, hainbat burutapen moñoño pentsatu dituzte, beren poza euskaldun guztiekin konpartitzeko.
    • Datorren otsailaren 22an, Bilboko Euskalduna Jauregiko hamargarren urteurrenaren saio berezien artean, Txirri, Mirri eta Txiribiton junior taldearekin batera, Gazte ala zahar...BETI PAILAZO! izeneko ikuskizuna aurkeztuko dute. Gazte eta helduen arteko erronka.
    • Beren errepertorioko hainbat abesti (oraingoz Behin edo behin, Katxurri Miliputxi, Barre egin eta Txirrista txingo. Baina gehiago izango dira) famatu koru bertsioetan prestatu dizkie Xabier Sarasola musikari jatorrak. Koruek tradizio handia dute Euskal Herrian eta maite dituzte gure hirurok, baina, batzuetan komeni zaie umore izpi batzuk ere sartzea beren emanaldietan. Beraz, Txirri, Mirri eta Txiribitonen web orrian (www.txirrimirrietatxiribiton.com) nahi duenak hortxe dauzka partitura eder horiek, kantatzen hasteko.
    • Gosearen gaiarekin lotuta, ogitartekoari garrantzi berezia eman diote urte guzti hauetan Txirri, Mirri eta Txiribitonek. Eta Oteizaren iritziaren kontra, beraiek hutsa baino ondo beteta hobe dela irizten diote. Horregatik, sukaldari asko dituzte lagun pottokoen zerrendan. Aspaldiko adiskide duten Martin Berasategik sei ogitarteko errezeta prestatu dizkie: Txirri bokata, Mirri bokata, Txiribiton bokata, Txirri junior bokata, Mirri junior bokata eta Txiribiton junior bokata. Sei errezeta hauek ere, web orrian jarriko dituzte eta Euskal Herriko tabernari guztiei eskaintzen dizkiete beren jatetxeetan bezero piloa bil dezaten eta krisisa arinago gaindi dezaten. Norberak ere etxean prestatzeko modukoak dira. Ogitartekoaren artea goi mailara eramanda.
 
< Aurrekoa   Hurrengoa >