Juan Mari Beltrán Argiena

Oatiko Arrikurtz baserriko txilibitua

 

 

2000ko urtarrilan argitaratua, Txistulari Aldizkariko 181 alean.
Publicado en Enero de 2000, en el nº 181 de Txistulari.

 

EUSKAL Herrian erabiltzen diren hiru zuloko moko-flauten neurriak eta itxura aukerak, bakoitza bere izenarekin, ia erabat finkaturik daude, baina ez dugu uste beti horrela izan denik. Batzuetan larruzko danborra eta besteetan sokazko danborren laguntzarekin jotako soinu-tresna bera, neurri, afinazio eta itxura ezberdinetakoa izan dela frogatzen dituzten adibide asko ditugu. Jostailu gisako kainaberazko hiru zuloko txulubitak (Oiartzungo bailaran), arruntak baino handiagoak diren xirula zaharrak, "Zeanuriko hezurrezko txistuak eta Dimako zurezko txistu zaharra" (Barrenetxea, 1984)

Gaur egun gure herri kulturan nagusiki bi mota ikusten ditugu: Zubero-iparraldeko xirula alde batetik eta bestetik txistulari taldeko txistu eta silbotea. Xirulak ez du izan aldaketa nabarmen edo berezirik azken garaietan. Ezagutzen ditugun xirula zaharrak ikusirik, esan dezakegu, soinu-tresna honek neurri handi batean gordetzen duela bere itxura zaharra, itxura fisikoa eta ematen duen hotsaren aldetik:

Orokorrean, xirula egiteko erabiltzen den materiala, "betidanik" erabili izan den bertako edo inguruko ezpela izaten da. Pita ere, era zaharrean egiten da; ahozkatzeko zatia, haize kanala eta bisela dena osorik zurezkoa izaten da. Berdin egiten dira beheko muturrak tutua indartzeko eta tresna heltzeko torneaturik eraztun gisa dituen handitzeak. Afinazioan, gutxi gora behera, lehen zegoen Do tonu inguruan dago gaur egun ere.

Aldiz, txistuaren kasuan aldaketa nabarmenak ikusten ditugu. Garai bateko ezpelezko txistu horiak, beltzez jantzi dira Afrikatik ekarritako zurak erabiltzean. Pitaren ahozkapena, haize kanala, bisela eta kanpoaldeko errefortzua metalezkoak dira. Metalezkoak dira beheko muturraren errefortzua eta heltzeko eraztuna ere. Afinazio aldetik, Fa# inguruan egotetik, bi zatitan egitearekin batera, Fa, Fa# eta batzuetan Sol tonuak izatera pasa da. Horrekin batera silbotea Sib, Si eta Do tonuetan egiten dira.

1971. urtean, "Grupo Experimental de Txistu" talde berriarentzat, Javier Hernandez Arsuagaren zuzendaritzapean osatu zen "La familia instrumental del txistu". Talde honetan, txistu eta silbotez gain, beste tonalitatean egindako aldaerak egin zituzten. Horrela, xirula tonu inguruko "txilibitu" (Do), "txistu txiki" (Fa, zortzidun bat txistu baino altuago) erabiltzen zituzten. Azken urtetan talde zabal hau ez da asko entzuten, baina garbi ikusten da tonu eta hots berriak bilatzeko saiakerak izan direla txistuaren inguruan eta talde honetan dugu adibidetako bat (Hernández, 1977).

Baina hasieran esan dugun bezala, gure iraganean txistuaren aldaera ugari ezagutu dira eta orain aurkezten duguna horren froga interesgarri bat da, tradiziozkoen artean berezi xamarra, ez baikenuen ezagutzen itxura eta afinazioaldetik horrelako soinu-tresnarik txistu motako taldean. Txistulari, 174. alean, Saski-naski atalean (44. Orri.) egin zen txilibitu honi buruzko aipamen txiki bat.

Aurrekaldetik Albotik

Arrikurtz baserria, Oatiko Arantzazu auzoan aurkitzen da. Gaurko bere jabea den Jesus Etxezarretak esaten duenez, bostehun urtetik gora ditu eta garai batean Benta, ostatua eta taberna izan zen.

Benta hau eta auzo bertan zegoen San Juan Artiako benta, garai bateko bide garrantzitsu batean aurkitzen ziren. Aizkorri mendate gainetik, Oati eta Gasteiz aldeak lotzen zituen bide nagusia omen zen, hau da, Arantzazu auzotik barna, Araba aldeko Barria eta Gipuzkoako Oati arteko bidea. Bide honetan, oraindik garai bateko erromatarren galtzada arrastoak ikus daitezke.

Baserriaren eraikuntza egoera txarrean zegoela eta, 1998. urtean baserria konpontzen hasi ziren. Horretan ari zirela, pareta nagusian, barnekaldeko zulo batean gorderik bi tresna agertu ziren: epelezko goilare bat eta ezpelezko txilibitu edo txistu txiki bat.

Ez dakigu noizkoa izan daiteken soinu-tresna hau, baina zuraren itxura eta egoera ikusirik, garbi dago ehun urtetik gora badituela.

Hona hemen, jotzerakoan txilibitu honek ematen dituen notak. Egoera oso txarrean dagoenez, ez dugu gehiago lortu.

Nota multzo bajuena Txistua Fa# (nota izena)
Hiru zulo itxita: Sol#1+50 Sol#0 (Re)
Bi zulo itxita La#1-20 Lal#0 (Mi)
Zulo bat (atzerakoa) itxita:Si1+50 Si0 (Fa)
Hirurak irekiak: Do#2+10 Do#1 (Sol)

Neurri tonalak ikusi ondoren, hona hemen txilibitu honek tonu horiek emateko dituen neurri fisikoak.

Hurrengo nota multzoa zortzidun batera agertzen da. Hau da, txistuaren kasuan erabiltzen den lehen nota multzoa izango litzake:

Nota multzo bajuena Txistua Fa# (nota izena)
Hiru zulo itxita: Sol#2+50 Sol#1 (Re)
Bi zulo itxita La#2-20 La#1 (Mi)
Zulo bat (atzerakoa) itxita:Si2+50 Si1 (Fa)
Hirurak irekiak: Do#3+10 Do#2 (Sol)

Txistuaren kasuan bigarren nota multzoa izenarekin ezagutzen den multzoa.

Nota multzo bajuena Txistua Fa# (nota izena)
Hiru zulo itxita: Re#3+60 Re#2 (La)
Bi zulo itxita Fa3-20 Fa2 (Si)
Zulo bat (atzerakoa) ez du nota garbirik ematen Fa#2 (Do)
Hirurak irekiak: ez du nota garbirik ematen Sol#2 (Re)

Ikusten dugunez, txistu zahar gehienak baino zortzidun bat altuago eta "La familia instrumental del txistu" taldeko "txistu txiki"tik oso gertu (tonu erdi altuago).

Lehen aipatu dugunez, oso egoera txarrean dago, eta konpontzeko aukera izan ez dugunez, ezinezkoa egin zaigu txilibitu honekin nota gehiago ematea. Baina lortu dugunarekin garbi ikus dezakegu txilibitu hau, fa sostenidoko txistua baino zortzidun bat altuago afinaturik dagoela.

Halako beste flautetan gertatzen den bezala, txilibitu honek ez du beti armonikoen interbalika ongi ematen.

Horrela, nota multzo bajuena eta lehen nota multzo artean, zortzidun interbalo zehatza ematen dute dijitazio posizio guztiek. Aldiz, lehen nota multzoa eta bigarren nota multzo artean, teorikoki eman beharko lukeen bostuna, tonu erdian handitzen zaizkigu hotsa ematen duen dijitazio bi posiziotan (dena itxita eta zulo bat irekita). Joera hau bera ikusten dugu txistu zahar batzuetan.

Zulo kokapenari buruz, txistu zaharretan (eta beste soinu-tresna zaharretan) agertzen den beste joera ikusten dugu honetan ere; nota guztiak ondo eta garbi ematen dituen bi nota multzo horietan, tutuaren hiru zulo itxita eta beheko bi zulo irekien arteko interbalika "hirugarren minorra" ematen du, baina beheko zulo bakarra irekiz gero, bigarrena ez du ematen, ez bigarren minorra ez eta "bigarren nagusia", baizik eta tarteko bat. Txistu zahar askotan gertatzen den bezala, eskala edo doinua egiterakoan ez dute tonu erdia ematen edo erabiltzen. Zuberoako xirula gehienek ere antzeko eskala ematen dute.

Antzeko joera ematen duten herri soinu-trenen artean, Euskal Herrian nabarmenenak, alboka zaharrak eta Zuberoko txanbela ditugu. Hauek ere ez dute tonu erdiko irterbaloa erabiltzen. Euskal Herritik kanpo ere, bai txistu motako flautek eta bestelako soinu-tresnek, askotan halako eskalak ematen dituzte.

Lehenago esan dugun bezala, soinu-tresna hau, oso osorik, ezpel zurez egina da.
Pita, xirula modukoa du. Bisela ere tutua errebajaturik egina du eta apaingarri gisa, leihoa eta ahozkatzeko buruaren arteko mugan, buelta osoan, ebakidura bat du.

Tutua, barnelkaldetik zilindrikoa da eta kalpoaldetik, sasi-tronkokonikoa, pitaldea lodiago delarik. Tonu aldaketarako aurreko zuloak pita leihoa paretik desplazatu xamarrak ditu eta atzekoa gehiago.

Behekaldeko muturra tronkokonikoa den handitze batekin indartua dago eta apaingarritzat, beheko zuloa eta errefortzuaren mugan, bueltan, ebakiduraz, hiru marratxo ditu.

Txilibituaren informaziorik ez dugu, baina gure iritziz, hau ez da jostailu bat. Kainaberazkoa izango balitz, pentsa genezake hala izan zitekela, baina ezpelezkoa da, soinu-tresnak egiteko oso zur berezia, lantzeko zaila, oso ondo egina dago, tornoarekin egina. Ez dakigu zer nolako musika joko zen txilibitu honekin eta danbolina edo ttunttunaren laguntzaz joko zen, baina bestetarako ez bada ere, oso interesgarria iruditzen zaigu halako tresnak erabili izan direla jakite hutsa, garai bateko txistu moten ugaritasunaren lekuko bat delarik. Bestalde, agian, gaurko txistulari-xirulariren bat anima daiteke gisa honetako soinu-tresnak erabiltzera berriz ere.

AIPATUTAKO BIBLIOGRAFIA

  • BARRENETXEA, José Mariano (1984): Apuntes de Txistu. Galdakano-Bizkaia.
  • HERNANDEZ ARSUAGA, Javier (1977): La familia instrumental del Txistu. Txistulari. Bilbao. La Editorial Vizcaina, S.A.