wim bosmans

Wim Bosmans

Esku bateko flauta eta danborrak Herbeheretan

 

2005ko urrian argitaratua, Txistulari Aldizkariko 203. alean.
Publicado en octubre de 2005, en el nº 203 de Txistulari.
Ingelesez jatorrizko bertsioa / Versión original en inglés

 


Lan honek pertsona berberak batera jotzen dituen esku bateko flauta eta danborra ikertzen ditu. Gutxienez XVII. mendearen burutik, badirudi flauta honek tutu harmonikoan zulo bat izan zuela erpururako eta beste bi zulo beste behatzerako.

IZENAK

Nederlanderaz. Orain gehien erabiltzen den izena eenhand(s) fluit eta eenhand(s) trom(mel) (esku bateko flauta eta esku bateko danborra hurrenez hurren) ziur aski V. Denis-ek erabili zuen lehen aldiz joan den mendeko berrogeigarren hamarkadaren buruan. Iturri zaharragoek bakarrik izen orokorrak eskaini dituzte. Flautari pijp eta fluit edo haien txikigarriak (pype, piipkiin, fluyte, fleuy je adibidez) deritzote. 1567an Vianen egindako inbentario baten arabera, Brodelodeko jaunak hiru zuloko brulofstpype (ezkontza flauta) bat zuen, danborra jotzeko ziri batekin. Danborrari XIV. eta XV. mendeetan bong(h)e, eta XVI. eta XVII. mendeetan bom(m)e eta trom(m)e edo trommel deitzen zioten.

Frantsesez. Literatura musikologikoan flûte à une main (esku bateko flauta) hitza berria da. Danborraren izen bakarra ta(m)bourin da. Olivier de la Marcheren arabera 1468an musikari batek flageol (flauta) eta tabourin jo zituen Karlos Ausarta eta Margaret Yorkekoaren ezkontzan. XIX. mendean musikologoek flûte de tambourin (danbor flauta), flûtet (flautatxoa), eta galoubet hitzak erabili zituzten. Bakarrik azken hitz proventzar hau baliatzen da gaur egunean.

FLAUTAREN ORGANOLOGIA

Iturri ikonografikoak

Gure materialak ehun eta hogei flauta eta danbor-joleen irudikapenak ditu gutxi gorabehera. Flauta ia beti zur zati batez eginda dago, maiz horixka edo nabarra. Gehienak 25-60 zentimetrokoak dira. Instrumentu luzeen neurriak 80-90 zentimetroak dira. 50 zentimetrokoak baino luzeagoak soilik 1460 inguru eta gero agertzen dira. Instrumentuen hiru laurden zilindrikoak dira, barneko tutua ere zilindrikoa iradokiz. Flauten beste laurdenak itxura konikoa du. Flautek barneko tutua konikoa oso nekez izan dutenez, irudi hauek desegokitzat jo ditzakegu. XIII. mendearen azken laurdeneko hiru eskuizkribuen edertzapenak adar-itxurako instrumentuak erakusten dituzte. Ez dago, hala ere, danborrarekin batera beste haizezko instrumenturik jotzen zirenen beste hondakinik.

Jan Massys
A argazkia

Flautaren burua agertzen denean, bere itxura aho pieza bakunarena da. Jan Massys (A argazkia) lehioa eta ezpaina argi eta egoki irudikatzen dituen bakarra da: lehioa zabaleraz zentimetro bat inguru du eta altueraz milimetro batzuk; ezpaina altueraz 2,5 inguru zentimetro. Behatzetarako zuloen kopurua ezin da inoiz erabat zehaztu, zenbat zulo estaltzen diren inoiz argi ez baitago. Beste aldetik, ezin dugu deus esan erpururako zuloaz, atzeko aldea inoiz erakusten ez baita. Flauta batzuek lau zulo baino gehiago dituzte, baina noski, hau ez dator bat errealitatearekin. Ia dokumentuen erdian, baina bakarrik 1450etik aurrera, zuloak flautaren beheko herenean agertzen dira. Dokumentuen zazpiren batek, hala eta guzti, jarrera altua erakusten dute, zulo bat edo gehiago flautaren goiko erdian. Jartze altu hau, jakina, ez dator bat errealitatearekin, eta ia beti tutu koniko edo/eta zuloen gehiegizko kopuruarekin agertzen da. Beste dokumentuetan, zulo bat edo gehiago beheko heren eta beheko erdiaren artean aurkitzen da.

Flauta gehienek diseinu oso sinplea dute. Lehen zuloaren behean batzuetan kanpaia estu baten antzeko zerbait dute, eta dekoratuta dago bakarrik zati horretan. Dokumentu gutxi batzuek irtengune bat erakusten dute, kanpaiaren gainean edo/eta behean. Jan Massys-ek pare bat lerro ebaki erakusten du. Alboko hutsaldi-zulo bat ere irudikatzen duen bakarra da.


C.J.J. Tuerlinckx (Mechelen, 1783-1855) musika tresna egileak 1800-1820an egindako eskuizkribu batean bi zatitako flauta bat erakusten du, garaiko danbor flauta frantziarren diseinu fin berarekin.

Aurkitutako instrumentuak

Orain arte, ikerketa arkeologikoak Belgika eta Holandan erpururako zulo bat eta beste behatzerako bi zulo dituzten hamabost flauta aurkitu ditu. Bederatzi ale Zeelanda eta Zuid-Holland probientzietan agertu izan dira. Ziur aski hauek guztiak XIV. mendearen bukaera eta XVII. mendearen lehen erdiaren artekoak dira. Honek esan nahi du Herbeherak –eta Holandako Mendebaldea zehatzago- ziur aski Europa osoan 1650 baino zaharragoak diren mota honetako flauta gehien zain dituen herria dela. Flauta gehienak azken hogeitabost urtetan aurkitu egin dira; ia guztiak zabortegi mota guztietako lekuetan agertu dira, hala nola biltegi edo putzu beltz zaharretan, non osagai gehienek material organikoak zaintzeko giro onuragarria ematen baitute. Flauta hauek ez ziren ordurako egokiak eta bota omen zituzten. Beraz, ia ale erdiek aho pieza pitzatuta edo apurtuta dute. Hiru instrumentuk besterik ez dute haien blokea zaindu. Flauta gehienetan pitzatuta, tolestuta, zanpatuta edo apurtuta egoten da. Akats hauetako batzuk zakarrontzietan bota baino lehenago gertatu omen ziren.

Flauta guztiak zurezko zati batez torneatu izan ziren. Bi flautako zura ez da identifikatu izan; besteak ezpelezkoak dira. Barneko tutua zilindrikoa da edo agian arinki ardatz-itxurakoa. Bakarrik ale batek ardatz-itxura argia du. Luzera edonolakoa dela ere, flauten barneko tutuak 8-9 mm. ditu beheko muturrean; bereziki luzea den batek handiagoa du (12 mm.). Barneko tutu eta luzera soinudunaren arteko ratioa 1:15 eta 1:35,5 bitartean dago. Bost flautek 1:22,5 eta 1:26,5 bitartean dute.

Burua beti aho-pieza zuzen edo arinki makur bat da. Salbuespenez salbuespen, alde bakoitzean zulo bat du, zeinaren funtzio argia zintzilikatze soka bat eustea zen. Arraroa badirudi ere, halako soka bakarrik dokumentu ikonografiko batean agertzen da. Honek ez du danborrik erakusten, baina bai beste flauta motz bat (B argazkia). Aho-piezaren behean lerro ebaki bat maizago agertzen da; Beste aldetik, flauta batek irtengune bat erakusten du. Ezpainaren bazterra beheranzko zuzena edo bihurtua da. Ale gehienek leiho ia garratua dute, eta bere zabalera 0,5- 1 mm. handiagoa da bere luzera baino (5-6,5 mm.). Flauta batek leiho ia borobila du eta beste batek bereziki handi bat. Ezpainak beti U-forma izaten du.

ezezaguna
B argazkia

Zuloak borobilak edo arinki obalak izaten dira, eta ale batzuetan zabalagoak dira azalean barneko tutuan baino. Bederatzi aletan, hiru zuloek luzera soinudunari begira proportzio finkatu bat mantentzen dute: beheko zuloren zatia, goikoarena eta erpuruaren zuloarena, hurrenez hurren, % 15, 25 eta 30 dira gutxi gorabehera. Beste aleetan, zuloak askoz ere gorago egoten dira.

Ale guztiek kanpaia zabaltze arin bat (1,5-3 zentimetro) izaten dute, baina barneko tutua zabaldu gabe. Kanpaiaren profila laua, konkaboa edo konbexua da. Goian, irtengune batez dekoratuta dago, baita lerro ebaki bat edo gehiagoz (1x2, 2x2, 3x2 edo 3x3) ere. Maiz, beste ebaki bat sakon eta zabalagoa agertzen da beheko muturraren milimetro batzuk gorago, kasu gehienetan V-itxurakoa. Bi flautak irtengune dute ebakiera horren ordez eta doi beraren gainean.

Ale guzti hauen diseinu hain antzekoak adierazten du Herbeheretan, XIV. mendearen bukaeratik XVII. mendearen lehen erdialdera arte, danbor flauta printzipio finkatu eta tradizionaleen arabera egiten zela.

Aurkitutako ale hauetaz gain, beste ezpelezko flauta baten zati bat aurkitu zen Amsterdamen 1976an. Arestian aipatutako ezaugarriak ikusita, danbor flauta baten beheko erdiaren atzeko zatitzat har daiteke.

Gainera, Bruselako Musika-tresnen Museoak beste bi berdin-berdineko danbor flautak ditu, ezpainaren behean Verhasselt-Bruxelles marka dutenak. 1840tik François Verhasselt (Brusela, 1813-1853) akordeoi irakasle eta instrumentu saltzaile ateratzen zuen bizimodua. Bere izena era- maten duten musika-tresna gehienak ez dira berak eginda. Bere danborraren flautek XIX. mendean Long eta Grasset-ek instrumentu egile probentzar egin zituzten galoubet finekin antza handia dute. Beraz, Verhasseltek Frantziatik inportatu omen zituen danbor flauta hauek. Bere instrumentuak ebanozko zati batez eginda daude. Adar-itxurako (gutxi gorabehera 9- 7,5 mm.) barneko tutu oso mehea (1:37) dute. Aho-pieza makurra boliz eztalita dago, eta irtengune mehe batez amaitzen da. Bai tutu estuak bai lehio luzeak eta ezpaina altu eta U-itxurakoak oso proportzio onak dituzte nota altuak ateratzeko. Zuloak obal eta luze samarrak dira.. Kanpaiaren luzera 27 mm.koa da; harea-erlojuko itxura du eta bi muturretan irtengune bana du.

DANBORRAREN ORGANOLOGIA

Herbeheretan ez da zaindu ezta danbor bat ere. Honek esan nahi du iturri ikonografikoak bakarrik erabili ditzakegula.

Armazoia zilindrikoa eta uniformeki nabarra da, margoturik gabeko zurezko puntu batzuekin. XV. mendearen bigarren erdian batzuetan soinu-zulo bat agertzen da. Danbor gehienek 20-35 zentimetroko diametroa dute. Garai bereko ale batzuek 15 zentimetro besterik ez dute mutur batetik bestera. Bakarrik bost alek 40 zentimetro edo gehiago erakusten dute. 1500 arte, gutxi gorabehera, badirudi sakonera diametroa baino handiagoa dela; ez da arraroa armazoiaren diametroa luzeraren bikoitza edo laukoitza izatea. Armazoiak normalean 10-15 zentimetro ditu; bere sakonera handiena 25 zentimetrokoa da, gutxi gorabehera.

1500en ondoren sakonaren batezbestekoa jeisten da neurri handian. Danbor gehienek 25-35 zentimetroko sakonera dute orain, eta bere sakonera handiena 60-65 zentimetrokoa da. Orokorrean, armazoiaren sakonera diametroa baino handiagoa da, inoiz bikoitza baino gehiago izan ez arren. Normalean 35 zentimetro baino sakonera handiagoa duten danborrek gutxienez 50 zentimetro luze diren flautak akonpainatzen dituzte. Danbor txikiagoak neurri guztietako flautekin agertzen dira.

Dokumentu gehienek danborraren jotzen den aldea erakusten dute. Behekoa bakarrik 10 dokumentutan ikus daiteke. Dokumentu gutxik ez dute buruak nola lotzen diren erakusten. 1450etik, gutxi gorabehera, buru gehienak sokekin tenkatuta daude. Soka hauek ia beti 8tik 14ra aldiz joaten dira leku batetik bestera, eta 10 edo 11 kopuru arruntena da. Antza denez, kopuru hau ez da armazoiaren diametroaren araberakoa.

Lotura mota ezin da beti zehaztasun osoz jakin. W mota arruntena da. N mota askoz ere arraroagoa da. Y mota ere, larruekin, 1500ean gutxi gorabehera agertzen da lehen aldiz. XVI. mendeko dokumentu batzuek larru-saila bikoitza erakusten dute, armazoiaren bi aldeetan. Dokumetu gutxik agian X mota irudikatzen dute.

Armazoian askotan alde bakoitzean eraztun-itxurako gizentze bana agertzen da, aroen erabilera iradokiz. 1540tik, gutxi gora behera, dokumentu gutxik barra-aroa erakusten omen dute.

Pordoi batek maiz gurutzatzen du goiko aldea. 1300etik, gutxi gorabehera, agertzen da, baina bereziki 1450 eta 1550 bitartean. Beheko alea erakusten denean gehienetan beste pordoi bat ere badu. Beraz, baliteke pordoiak bi aldeetan erabiltzea, Thoinot Arbeau-ren arabera araua zen bezala.

Zotzak beti 25-35 zentimetro gutxi gorabehera ditu, 15-20 zentimetro gutxi gorabehera luzera minimoa da eta 55 zentimetro gutxi gorabehera maximoa. Normalean jotzen duen muturrak erraboila-forma du. Batzuetan materialez estalita egon daiteke. 1450 arte gutxi gorabehera ziriak lodi samarra dirudi. Makil batzuek astamakila-itxura ere badute. Data horren ondoren askoz ere meheagoa da. 1550 arte gutxi gorabehera beti zilindrikoa ematen du. Geroago adar-itxurakoa agertzen da. XV. mendearen bukaerako bi dokumentuk jotzen duen muturretatik 10 zentimetrora eraztun-itxurako gizentze bat erakusten dute, ziur aski apainketa moduan.

ALDERDI MUSIKALAK

Herbeheretan hondeatutako flauten artean bakarrik Reimerswaal-en eta Mechelen-en aurkitutakoak jotzeko moduan zaharberrituko lirateke. Haien jatorrizko egoeran flauta hauek baliteke harmonikoak izatea, eskala diatonikoaren zortzidun bat eta erdiko edo gehiago emateko gaiak. Eskala hexatonikoa egiteko ere egin zitezkeen. Modu berean, agian jostailuak izan zitezkeen. Posibilitate guzti hauek barne tutu zabalagoa duten beste batzuei ere ezarri dakizkie.

Verhasselt-en flautaren oinarrizko soinuak bakarrik oso leun puzten bada lortzen dira. C.J.J. Tuerlinckx-ek ematen du digitazio bat danbor flautarako, argi eta garbi Mersenne eta Diderot eta d’Alambert bezalako iturri frantsesetan oinarritua. Antzeko zerbait esan daiteke J. Andries-ek emandako tonuen eskalaz. Ez dago Herbeheretan flauta eta danborraren errepertorioren aztarnarik. Jakina, bakarrik letragabeko musikariek erabili zuten, eta horiek idatzi gabe, noski, jo zezaketen.

adriaen van de venne
F argazkia

Adriaen van de Venne-k (F argazkia) erakusten du interprete bat kaskailoak belaunen behean, orkatilen inguruan, ukondoen behean eta danborra jotzen duen eskuaren eskumuturraren inguruan dituena.

JOTZEKO JARRERA

Iturri ikonografikoen bi herenek baino gehiagok flauta ezkerreko eskuarekin jotzen erakusten dute. Lau behatzak flautaren ia beti aurrealdean agertzen dira. Pintura batzuetan eraztun-hatz edo/eta hatz txikia atzealdean daude.

XIII. eta XIV. mendean badirudi danborra beti jotzen duen besoaren goiko kanpoaldeko edo sorbaldarekin lotuta egoten dela. 1420-1440 aldean gutxi gorabehera dan- borra gorputzaren goiko aldearen kontra agertzen da. Orduan lepo edo sorbalda batetik zintzilik egoten da.

XV. mendearen erdialdetik danborra jarrera ezberdinetan jotzen da. Kasu gehienetan besoaurre, eskumutur edo eskutik zintzilikatzen da. Danbor txiki batzuk, haien diametro eta luzera 20 zentimetro baino txikiagoak direnak, eraztun-hatz edo hatz txikitik zintzilik egoten dira eta batzuetan agian flauta beratik. Danbor gutxi batzuk sorbaldatik uhal baten bidez zintzilikatzen dira, baina XV. mendearen lehen erdian baino beherago agertzen dira, alegia, gerri, aldaka edo zangoaren kontra. XV. mendearen bigarren erdian, eta gutxitan geroago, danborra artean gorputzaren goiko aldearen kontra egoten dira.

1450etik, gutxi gorabehera, 1500 arte armazoia beti jarrera ia horizontalean erakusten da. Geroago beste angulu batzuetan ere agertzen da, hasieran 30º gutxi gorabehera, baina XVI. mendearen bukaeratik 45º gutxi gorabehera ere. Jakina, hau 1500 ondoren gertatutako armazoiaren luzapenarekin erlazionaturik dago.

Normalean makila erpuru eta erakuslearen artean hartzen da, eta gehienetan beste hatz bat edo batzuekin ere, agian esku-azpian presioa egin omen zutenak. Frankfurteko Maisuak hatz luze eta eraztun-hatzaren erdian erakusten du makila, eta Israël van Meckenem-ek erakusle eta erpuruaren artean goian, eta hatz luzea behean.

MUSIKARIA ETA BERE INGURUA

Flauta eta danborraren historia Herbeheretan XIII. mendearen azken laurdeneko hiru eskuizkribuen edertzapenekin hasten da. Hau Europako lehen iturri ikonografikoa ezaguna, Cantigas de Santa María baina apur bat geroago da. Han agertutako flautak, hala ere, irudi koniko irekia dute, eta badirudi margolariek instrumentuak ez zituztela oso ongi ezagutzen. Izan ere, 1440 gutxi gorabehera arte iturri ikonografikoak oso bakanak dira: hamar dokumentu besterik ez. 1450 eta 1650 bitartean interpreteak askoz ere maizago agertzen dira: periodo honek laurogeitamar dokumentu gutxi gorabehera eskaintzen dizkigu. 1655 inguruan flauta eta danborra ia erabat desagertzen dira Herbeheretako ikus-arteetatik. Izan ere, data horren ondoren zazpi dokumentu besterik ez dira aurkitu, eta azkenak XIX. mendearen amaierakoak dira.

1542
C argazkia

Gehienetan, flauta eta danborra itxura neurritsuko gizon batek joak dira. Hala ere, beste figura ezberdin asko ere jotzen agertzen dira. 1470 arte gutxi gorabehera musikariak bitxiak dira maiz, eta XVI. mendearen erdialdea arte tximinoak eta zakurrak ere izaten dira. 1420-1435tik XVII. mendearen erdialdea arte batzuetan aingeruak dira, gehienetan Ama Birjina eta Jesus Haurra inguratuz. Periodo berean bufoiak ere nonahi agertzen dira. Kasu bakan batzuetan interpreteak mairuaren jantzia du (XV. mendearen 2. erdialdea) edo andre batena (XVI. mendearen erdialdean). Esporadikoki errege bat, haur bat, kupido bat edo andre batek jotzen ditu flauta eta danborra. Bederatzi dokumentuk juglareak zakur dantzari batekin (XIV. mendetik XVII. arte) edo, modu berean, hartz batekin (XIX. mendearen le- hen erdialdean), edo, hauek ere dantzan, txotxongiloekin (XIX. mendearen lehen erdialdean) erakusten dituzte. XVI. mendearen erdialdeko bi bufoik ontzi edo argizari bat zintzilikan dute buruan, eta horietako bat hankaluzetaz dabil (C argazkia). Gure iturri ikonografikoen arabera batez ere artista profesionalek jotzen zituzten flauta eta danborra: musikari ibiltariak, bufoiak eta juglareak.

1460 arte flauta eta danbor-jolea ia beti figura isolaturik bat izaten da, testuen marjinetan edo inizial margotuetan agertuz. Dokumentu batek goiko klaseen kontestuan erakusten du, Romulo eta Remorekin. Prozesio batean interprete baten agerpen bakarra XV. mendearen erdialdekoa da. 1460 arte bakarrik erreferentzia idatzita bat dugu: 1361-1364 urteetan Bloys-eko Kondeen kontu-liburuek musikariak esku batekin flauta jotzen edo flauta eta dan- borra batera jotzen aipatzen dituzte.

1450 eta 1650 bitartean musikaria batzuetan kontestu bibliko batean jartzen da: batik bat San Joben inguruan (1510etik 1560-1570 arte), Brabante eta Flandesko Dukerrietan musikarien zaindaria zena, eta Andre Maria eta Jesus Haurraren inguruan (XV. mendearen azken laurdenetik XVII. mendearen erdialdea arte).

1460ren ondoren, hala ere, interpreteak kontestu profanoetan agertzen dira. 1540 arte bakarrik goiko eta ertaineko klaseen giroetan erakusten dira. 1500 arte batez ere dantzetarako jotzen dute: gorteko bikote eta zirkulu dantzak, baina dantza “basatiak”, moresca esate baterako, ere. Batzuetan bufoi bat egoten da dantzarien artean. Bigarren maila batean, ezkontza, serenata, arkularien jaialdi, torneo edo ezkon-hitz bat erakusten duten eszenetan ere agertzen dira.

Informazio ikonografiko hau neurri batean beste iturri batzuek ere egiaztatzen dute. 1468an Brujasen flauta eta danborra entzun ziren Carlos Ausarta eta Margaret Yorkekoaren ezkontzan. Musikaria, tximinoz mozorroturik, m o- risque bat egin zuten zazpi dantarietako talde baten partaidea zen. 1511n Sebastian Virdungek flauta eta danborra batik bat Frantzia eta Herbeheretan ezkontza eta dantzerako erabiltzen zela esan zuen. Berak erabilitako izena bruloftspype (ezkontza flauta) oso adierazgarria da zentzu honetan.

XVI. mendearen hasiera arte ez dago flauta eta danborra eta beste instrumentuen arteko estatusen aldearen nabaritasun piktorikorik. XVI. mendearen bigarren laurdenean bi dokumentuk musikari bat konpainia aberatsa baina lizuna laguntzen erakusten dute, agian flauta eta danborra ospea galtzen ari zirela erakusle.

XVI. mendearen erdialdean galera hori oso erreala da. 1560an Anberesko San Joben musikarien korporazioak emandako ordenantza batek oso garbi adierazten du: flauta eta danborra jotzen zuten musikari horiek “musika-tresnak ez izanik”, korporazio horretako partaideak izan zitezkeen, baina ez zuten ahalmen proba egin behar.

1550etik gutxi gorabehera ikonografia profanoak bakarrik giro herrikoian erakusten ditu flauta eta danborra. 1550-1650 aldiak hogei bat ezkontza baserritar, azoka eta halako eszenak erakusten ditu, eta hori ez da asko beste herri instrumentuen aldean, hala nola zarrabete edo gaitarena. Dokumentu hauek guztiak, bi izan ezik, artista flandestarrak eginda izatea ere deigarria da. Haiek flauta eta danborra etxe barnean edo kanpoan jaten eta dantzatzen duten parrandazalen artean jotzen erakusten dute, baina inoiz ez prozesioetan. 1619an Michael Praetorius-ek flauta eta danborra Frantzia eta Herbeheretan dantza doinuak eta kantak jotzeko erabiltzen zela idatzi zuen, baina Virdung-en liburua ia hitzez-hitz errepikatzen duenez, ez da- go ziur bere informazioa eguneratuta zegoenik.

tristan
D argazkia

Musikaria bere inguruan irudikatzen denean, bai bakarrik bai talde batekin jotzen du, gehienetan bikote edo hirukotea dena. Hala ere, talde txiki hauek bakarrik XV. mendearen azken laurdenetik agertzen dira. 1520 gutxi gorabehera arte, ikonografiak musikaria bakarrik goiko edo ertaineko klaseko giroan erakusten duenean, gehienetan harizko instrumentuekin jotzen du, hala nola harpa edo lauterekin. Hala eta guzti, salbuespen batekin, talde honek ez du dantzarako jotzen. Flauta eta danborra beste haizezko instrumentu batzuekin ere nahasten da, esate baterako bigarren flauta eta danbor batekin (D argazkia), txirimia batekin, bonbarda batekin, corneto edo tronpeta batekin. XVI. mendearen bigarren laurdenean agertzen da azken aldiz lautea, baina orduan sartzen da bibolina. Talde batek bibolin baxu bat ere badu.

Garai berean flauta eta danborra beste aipatutako instrumentuak baino estatus baxuago batera jeisten dira. Hauek ospea hartzen dute ertaineko klasetako zaleen artean (batez ere lauteak) edo hiriko ministrilen artean (txirimia, bonbarda, corneto eta tronpetak). Ziur aski estatus alde honek eragina izan zuen talde horien eraketan.

Oso eztabaidagarria izan da zein puntutaraino 1475- 1550 denboraldiko eszena profanoen itxura errealista garaiko praktika musikalaren benetako erakuslea den ala ez. Eszena erlijiosoetako talde handiek garaiko musika-tresnen katalogoak dirudite. Flauta eta danborrak ziur aski oso bakan hartzen zuten parte taldeetan.
1550tik 1650 arte, ikonografia profanoak flauta eta danborra bakarrik inguru herrikoian erakusten dituenean, batzuetan bikote edo hirukote baten partatzailea da, bibolin, gaita edo zarrabete batekin, eta batzuetan instrumentu erritmiko batekin, hala nola pandereta eta bombas (monokordio arkudun bat, maskuri batekin durundia egiteko). Badirudi talde txiki hauek benetakoak zirela, eta flauta eta danborrak bibolin edo gaitarekin batera jotzen duten taldeak Frantziako Erdiko Piriniotan eta Katalunian tradizio zaharrak dira.

1650 inguruan flauta eta danbor jotzailea Herbeheretako ikus-arteetatik ia erabat desagertzen da. 1655etik 1800 arte bakarrik lau irudi ezagutzen ditugu: gorteko eszena bat, neskak eta soldaduak dantzan paisaia italiar batean, eta bi antzara-joko irudikapen. XVII. eta XVIII. mendeko nederlanderazko musika tratatuek ez dute ezta behin ere flauta eta danborra aipatzen. Salbuespena Verschuere Reynvaan da: 1795ean Flûte de tambourin aipatzen du, baina ziur aski informazioa iturri frantziarretatik ateratzen du.

Izan ere, denak adierazten du Herbeheretan flauta eta danborraren tradizioa erabat hil zela XVII. mendearen bigarren erdian. Ezin dugu zergati argirik zehaztu. Agian danbor flautak pifanoari utzi behar zion bere lekua, azken honetako danborrak besteak baino aukera erritmiko gehiago eskaintzen zituelako. Beste aldetik, pifanoak eta danbor flautak neurri batean rol ezberdinak zituzten. Pifanoa batez ere prozesio mota guztiak laguntzeko erabiltzen zen, eta danborraren flauta inoiz ez da testuinguru horretan irudikatzen XVI. eta XVII. mendeko ikonografian.

XIX. mendeari dagokionez, flauta eta danbor jotzaileen hiru irudi besterik ez ditugu ezagutzen. Horietako bi, zeinetan musikariak hartz dantzari bati laguntzen baitio, adibide frantziar eta alemaniar batzuetan oinarriturik daude. Jakin-min handiena eragiten duena C.-F. Coenek egindako pintura bat da, XIX. mendearen hasierakoa (E argazkia). Mutil bat flauta eta danborra jotzen irudikatzen du, bi txotxongilo belaunan lotuta dagoen soka baten bidez dantzarazten dituen bitartean. Eszena hau Bruselaren ondoan gertatzen da. Esan nahi du honek kale artista ibiltariek flauta eta danborra jarraitzen zutela jotzen garai horretan?

coene
E argazkia

Gainera, badirudi alde batetik Flutte Tambourinerako C.J.J. Tuerlinckx haizezko instrumentuen egileak XIX. mendearen bukaeran egindako digitazio-taularen eskuizkribuak, eta bestetik Verhasseltek 1845 inguruan saldutako bi flautaren danborrek adierazten dutela flauta eta dan- borra (berriro) jotzen zirela Belgikan XIX. mendearen lehen erdialdean. Frantziako moda segituz, flauta eta dan- borra agian berriro sartu ziren Belgikan artzain-instrumentu gisa, herriko jai giroa oroitzeko nahian. Petite flûte de tambourin batek parte hartu zuen, adibidez, Grétry-k musika egile belgikarrak egindako Colinette à la Cour comédie lyrique-n, Pariseko Acádemie Royale-n 1782an jo zuen orkestran.

Garbi dago, hala ere, flauta eta danborrak ez zutela inoiz haien aurreko ospea berreskuratu. Esate baterako, Tuerlinkxek inoiz ez zuela egin edo saldu danborren flautarik adierazgarria da. 1839an Fétisek galoubet edo flûtet-i Proventzako instrumentua deitzen dio.

Flauta eta danborra 1930an epe labur batez berpiztu ziren Bruselako Omnegang prozesiorako, XVI. mendearen erdialdeko ereduaren arabera diseinatuta. Errepertorioa Ernest Clossonek egin zuen. Lau soinu nagusiak (re-mi-fa-sol) besterik ez zituzten bost doinu errazek osatzen zuten.

Joan den mendeko hirurogeigarren hamarkadaren bukaeratik Belgikan eta Holandan bertako tradiziozko musika-tresneekiko interes berria garatu egin da. 1970ean Herman Dewit (Kester) folk instrumentu egileak danbor flauta berpiztu zuen. Bere flautak diseinatzeko Mechelenen eta Goedereeden aurkitutako aztarnetan oinarritu egin da. Gaur eguneko flauta mokodun egileek erabiltzen dituzten teknika batzuk ere asimilatu egin ditu eta Proventzako digitazioa hartu. Dewiten danbor flautak ezpelezkoak dira eta bere nota nagusia sol edo fa da. Haien produkzioa oso mugatua da. Alemania eta Holandan eskaera dago, baina Belgikan oraindik bakarrik Dewiten beraren taldeak, ‘t Kliekske-k, jotzen du.

Itzulpena: Karlos Sánchez Ekiza