|
|||
Txistulari #190-Aprila-Ekaina
2002 |
|||
| Piter deitzen diote, deitzen diogu. Piter Pan-etik omen datorkio izena. Grekoen garaian, Pan musikaren jainkoa zela gogoratuko zaio inori, baina ez da hori goitizenaren arrazoia. Piter Pan betiko haur izateko liluraren sinboloa da, oso egokia katedradun zorrotz izateari utzi gabe pailazo zoro izaten dakienarentzat. Mirri baita Piterren beste ezizen bat, beti goseak dagoen Mirri hori, ogitarteko ahalik eta handienaren peskizan. Hortxe dago gakoa: pan. Ogia. Harritu egiten zituen parte zaharreko adiskideak meriendarako ekartzen zituen ogi puska izugarriekin. Pan burura etorri eta Piter deitu zion inoiz haurtzaroko adiskidetako batek. Asmatu zuen. Betiko geratu zaio izena. Piter Ansorenari omenaldia egin zitzaon joan zen otsailaren 24an, Donostian. Euskal Herriko Txistularien Elkarteak Urrezko Domina eman zion. Isidro handiaren biloba, Jose Luis musikari eta ikertzailearen iloba, txistuarekiko maitasuna odolean dakar. Arlo guztietan jorratu du Piterrek maitasun hori. Txistua jo, jakina, eta aparteko gozotasunez. Txistua irakatsi, Txistu katedra sortu, Donostiako Udal Banda zuzendu, moldatu, berritu, musika idatzi eta egokitu eta grabatu eta hedatu... Izen asko dituen donostiar handi hau agurtzera jende
asko eta arlo askotakoa bildu zan. Guk, biharamonean eman genion zorionak,
Udaletxe Zaharreko arkupetan, igande eguardian. Ogitarteko eder bat jatera
joango gara, gero. |