|
|||
Txistulari #190-Aprila-Ekaina
2002 |
|||
| Donostiako Alde Zaharreko biztanleek, badute igande goizetan Udal txistulari taldearen diana entzuteko ohitura. 2002. Otsailaren hogeita lauan ezusteko txistu soinuak esnatu zituen; berrogeita hamarren bat txistularik osatutako taldeak jotako biribilketak. Jose Inazio Ansorenari "egun on" esatera bildutako lagun danbolintero goiztiarrenak ziren. Bizkaiko itsaso zaharraren uhinak apar zuri bihurtzen diren kantoi ertzean bizi denez, talai pribilegiatu horretatik dastatu ahal izan zituen batera Piterrek haizeak puztutako olatu grisen lehertzea eta adiskideek eskainitako zortziko gozoa. Eguerdian, emaztea eta seme alabak, guraso, anai eta koinata, eta osaba-izebak, Ansorena familia osoa alegia, lagun zituela Alderdi Ederrera iritsi zenerako zain zituen Txistularien elkarteko partaideak. Lehenengo ongi etorria jaso eta abiatu ziren denak "alkate soinuaren" musika lagun zutela Udaletxearen atarira.
Alkateordekoa eta zinegotziek egin zioten udalaren diosala ondoren eta han ziren gala handiko jantziekin Donostiako Udal Txistulari taldeko partaideak, Alkate soinuz areto nagusiraino lagunduko zutenak. Jendez leporaino beterik zegoen eta "Udaberriko
lorerik politenak" kolorez bete zuen saloi honetan Jose Inaziok aurkitu
zuen dekoratua ez zen betikoa: Loinaz Jauregik aurkeztuta, Txomin Agirregomezkorta eta Amaia Izak irakurri zuten Billabonako batzarrean, 2001eko Martxoaren 31ean aho batez onartutako proposamena. Jose Inazio Ansorenak txistua jotzeko lortu duen teknika aurrerapena eta bereak dituen txistulari "birtuosoaren" eta konposatzailearen atalak obra bakar batean bateratzeko asmoz, Garikoitz Mendizabalek jo zuen Ansorena berak sortutako "Aguraingoa". Piter danbolintero, pailazo, idazle, irakasle, artista…, horiei denei buruz hitz gutxitan asko esango zuen pertsonarik aproposenak parte hartu zuen ondoren bertsotan. Andoni Egañak. "Doinu zaharren ikerketa lanetan jarduna da Ansorena". "Usadioa eta etorkizuna uztartu ditu". "XVIII. mendean erabiltzen ziren doinuak interpretagarri bihurtu ditu" esanaz aurkeztu zuen Loinaz Jauregik, Aitor Arozena txistulariak eta Jon Maia dantzariak eskaini zuten "San Sebastian" soinu zaharra. "Ansorena irakasle". Hainbat txistulariren maisua. Ikaslearen ikuspuntua adierazteko eta munduan zehar asko ikasi ondoren, Ansorenak irakatsi ziona egiaztatzeko, hau da: "Guztiak garela desberdinak eta horrexegatik garela berdinak" esateko, hitz egin zuen umorez beterik eta bizkaieraz, Sabin Bikandik. Aitona Isidroren oroimena ekarriko zigun "Zaltzate" fandangoaren grabazioak bete zuen saloia. Jose Luis Ansorena osabak ekarri zuen ondoren, hitz laburretan, familiaren txistuarekiko lotura eta Jose Inazioren txistulari garapenaren historia. Txistua taldean jotzea du gogoko, zioen Loinaz Jauregik, piano naiz organuarekin, orkestrarekin, bertsolariekin, dantza saiotan, alardeetan…, baina Udal Txistulari taldea du maiteena. Talde honek eskaini zigun Piterrek aitona Ixidrorentzat idatzitako obra: Pastelero gaixoa. Eta iritsi zen egun gogoangarriaren unerik garrantzitsuena. Elkarteko idazkariak, Jose Inazio Sarasuak irakurri zuen erabakia eta bertan ziren txistulari guztiek "Agur Jaunak" jotzen zuten unean, lehendakari ordekoak, Amaia Domeñok, ezarri zion Jose Inazio Ansorenari Txistularien Elkarteko Urrezko Domina. Txalo zaparrada batek estali zuen hainbat minutuz
saloia. Besarkadak, malkoak, irrifar zabal eta zirrarak sosegatu zirenean
Jose Inaziok eskerrak emateko hartu zuen hitza. Handik aurrera, txistulariek giroa alaitzen jarraitzen zuten artean; musu eta besarkada, to bostekoa !, zorion eta milesker, agur eta izan huntsa …, denek agurtu nahi zuten Piter eta ez ziren gutxi han bildutakoak … Bazkarian bildu ziren berrehundik gorakoek ere ez dute errez ahaztuko bazkalostea. Han agertu baitzituzten bereak dituzten abileziak Garikoitz Mendizabalek txistuarekin, Andoni Egañak Cubanoen eran koplatan, Jean Mixel Bedaxegarrek Xuberoako kantuak abestuz, Aitor Arozena eta Xabin Bikandik, honek espreski sortutako obra eskainiz, Jose Luis Ansorena bertsoak kantatzen … Opariak ere ez ziren falta izan, Oñatiarrena, Gantzedotarrena, Gene Yurrerena eta gehiago… Danbolintero, musikari, dantzari, bertsolari, irakasle, ikasle, pailazo, familiako eta adiskideentzat, Jose Inaziok merezi zuen egun gogoangarria izan zen. |