| | Euskal Herriko Txistularien
Elkarteko Urrezko Domina jasotzea «ohore handia»
dela dio. Oso gutxik jasotzen du sari hori, baina bere familian hirugarrena
izango da, txistulari familia luze baten ondorena baita. Ez zuen asmorik
txistulari izateko, baina bizitzak bide horretatik eraman du. Hasi eta
serio hartu, gainera. Ibilbide oparoa du, eta hori eskertuko diote bihar,
Donostiako udaletxean.
Nahikoa
berandu heldu zenion txistuari, nahiz eta familian txistulariz inguraturik
zeunden.
Gure familian oso aspalditik datorren kontua da. Birraitona,
aitona, aitonaren anaia, osabak, aita... Txistulariz inguraturik bizi
ginen. Baina inoiz ez gaituzte behartu ikastera. Lehenbizi gustuz, aitonak
bultzatuta, amak esanda hasi nintzen. Dantza egiten nuen, baina txistulari
beharra zegoen, eta kontserbatorioan ere beharrak zeuden. Orduan ere pailazotzan
hasi ginen, eta musikaren beharra gehiago neukan. Pianoarekin hasi nintzen,
saxofoiarekin ere bai, eta asko ikasten. Musikan bete-betean sartu nintzen.
Txistularien Elkarteko kide bazinen ordurako.
Zein egoeratan zen txistuaren mundua garai hartan, 70eko hamarkadan?
Kaskarrean. Txistuak gaizki eginda zeuden, tonu desegokietan. Lehenbiziko
lana tresna konpontzea izan zen. Jesus Segurola txistugilearekin egin,
tonu estandarretan jarri, eta landutako emaitzak txistugile guztiei eman
genizkien.
Horretan geundela, beharrak gero eta larriagoak ziren,
eta borroka bat genuen kontserbatorioan ofizialtasuna lortzeko. Horregatik,
bete-betean sartu nintzen lanean. Gozatutako txistu bat lortu ondoren,
teknika garatzea izan zen hurrena, eta teknikaren pedagogia ere egin behar
zen, eta hori zabaldu. Liburuak egin, kontserbatorioko programazioa, eskolak
eman, ikasleen artean irakasle asko sortu... Militantismo lana alde guztietatik.
Filologia alde batera utzi zenuen txistuaren
katedra lortuta.
Nire bizitza irakaskuntza eta literatura aldetik joango zela uste nuen,
baina beharrak txistulari egin ninduen. Bederatzi urtez irakasle izan
nintzen. Gero pailazotza gurutzatu zen, eta txistuari eta pailazotzari
heldu nien.
Garai hartan txistuak gizartean orain ez
duen rola jokatzen zuen. Mito asko ere badira txistuaren inguruan.
Garai hartan folkloreak ordezkatu egiten zuen askotan politika, eta giro
horretan parrandak eta manifestazioak egiten ziren txistuarekin, hamaika
kontu, eta denak nahasturik. Txistua zer zen ere ez genekien. Bazegoen
imajinario bat; abertzaletasunarekin, tradizioarekin lotzen zen. Txistua
euskal tresna bat zela esaten zen. Gure historia argitu beharra zegoen
aurrera egin nahi bagenuen.
Eta hautsi zenituzten.
Bai. Gaur egun baditugu txistuaren inguruan hainbat tesi, batzuk oso onak,
eta nik uste dut ezagutzen dugula zer garen. Badakigu XII. mendean tximista
baten antzera zabaldu zen kontu bat dela eta tresna unibertsala dela,
mundu osoan ezaguna. Berezitasun eder bat daukala tokiaren arabera. Oso
lotua dago herri kulturarekin, garai batzuetan musika kultuan eragina
izan badu ere.
Txistuaren eta danbolinaren herria izan gara
denbora askoan. Aldatu al da hori?
Bai. Oso ideologizaturik egon da, baina aldatzen ari da hori. Ez da sinbolo
hutsa. Euskal kulturaren alderdi asko txistuarekin oso loturik daude.
Euskal dantzaren historia adibidez goitik behera dago loturik txistu eta
danbolinarekin.
Non dago egun txistua?
Guk egiten dugunaz hitz egin dezaket nik. Uste dut Donostiako Txistulari
Taldearekin arrakasta daukagula; tankera guztietako kontzertuak ematen
ditugu, kalean asko, txistua kalerako tresna baita batez ere. Iganderoko
lana da, eta nabaritzen dugu jendea gustura dagoela. Erreferente gara
gainerako taldeentzat. Gure arrakasta txikia da, gertukoa, baina bizi-bizirik
dago.
Txistulari onak daude gaur egun?
Beste kultur arloetan gertatzen dena txistuan ere badago. Kulturaren inboluzioa
gertatzen da. Jendeak kulturarik ez daukan neurrian kriterio gutxirekin
egiten ditu gauzak. Kulturak mesede asko egin diezaioke pertsonari, baina
kultura bizi ez den neurrian dekadente bihurtzen da, eta momentu honetan
kulturaren dekadentzian gaude.
Zein garrantzi dute txistularien elkarteak
eta Txistulari aldizkariak?
Tartean diru gutxi dagoenez, harreman ona dago txistularien artean, eta
lan handia egiten da. Elkartuta egotea baliagarria da. Bakarka gauza gutxi
gara. Eta aldizkaria hortik atera da. Errepertorioan, konposizioan, azterketan
eta beste hainbat esparrutan egindako lana kaleratu du, eta horretan jarraitzen
du. Oso lan garrantzitsua egiten du.
Txistuak ez du beste hainbat tresnek hartutako
bidea egin; musika tradizio diferenteetatik datozen tresnekin nahastu.
Ez al dago horren beharrik?
Txistua tresna zaila da, eta gure esparrua zuzenekoa. Orkestrarako
obrak-eta egiten dira, eta badira taldeak txistua beste instrumentuekin
nahasten dituztenak, baina ez gaude komertzio munduan. Txalapartak edo
soinuak bide poperoa hartu du, eta ez dut esaten hori gaizki dagoenik,
baina nik txistuan ez dut sentitzen hori egiteko beharrik.
Literatura bazterrean utzitako bidea duzu.
Inoiz pentsatu duzu idazten jartzea?
Euskal Idazleen Elkarteko bazkide naiz izugarri lotsatuta, baina ez naiz
sentitzen idazle. Gogoa badut zertxobait idazteko, baina ez dut denborarik.
Gainera egun euskal literaturan idazle on asko dago zorionez, nik baino
askoz hobeto egiten dutenak. Euskal literaturak ez dauka nire beharrik.
|