|
|||
Txistulari Aldizkaria
(2001) 185, 1-3 |
|||
| 2001. urteko urtarrilaren
27an Errenterian bildutako Euskal Herriko Txistulari Elkarteko zuzendaritza-batzordeak
zera egiaztatu du: Jose Ignazio Ansorenak txistuaren alde egindako lan
oparoa miresten duela txistulari askok, eta bere arduragatik txistularitzak
jaso duen guztia eskertzeko garbia badela. Zuzendaritza-batzordeak berea
egiten du arestian esandakoa eta horregatik hemen bildutako batzarrari
eskatzen dio Euskal Herriko Txistulari Elkarteko
Bere gestioei esker txistua kontserbatorio eta musika eskolatan dago. Txistuko lehen katedra sortzeak txistuaren erabateko normalizazioa ekarri zuen, alderdi akademikoan bederen, ordurarte bigarren mailako tresnatzat jotzen zena duinduz. Txistuko katedraren sorrerak berebiziko ondorioa izan du txistuaren sendotze eta garapenean. Ikasketak ofizial bihurtzearekin, irakasle gisa aritzeko titulazioa ere lortzen da, eta honekin batera kontserbatorio eta musika eskolatan zenbait lanpostu berrien sortzea ere ahalbidetzen da. Etorkizunean Ian aukera hau izateak gazte asko bultzatu du txistua ikastera haren hotsa luzaro irau naraziz. Jose Ignazio Ansorenaren maisutza Euskal Herri guztian nabaria da, ikasleak bazter guztietatik Donostiara hurbildu baitira berarekin ikastera, ondoren bakoitzak bere herrian maisuarekin ikasitakoa hedatu dutelarik. Irakaskuntzan burututako hainbat lanen artean ¡kasketa-liburu sorta baten erredakzioa azpimarra dezakegu, mailakatua, egituratua, aberatsa eta interpretazioaren esparru guztiak biltzen dituena: afinazioa, artikulazioa, kromatismoa, hatzigiketa, danbolinaren erritmoak, eta abar. Era berean, liburuok musika andana damaigute, era askotako musika: ariketak, herri-kantak, dantza zaharrak moldaketa berriekin, txistu eta pianorako obrak, maisu zaharren doinuak.... Jose Ignazio Ansorenak burutzen du txistuikasketarako lehendabiziko plangintza, mailakatua eta osoa, eta edukin atseginekoa gainera. Bestalde, txistuaren erabateko normalizazioak, egokitzapen pedagogikoaz gain, tresna afinatuak behar zituen. Lan honi ere gogor ekin zion Jose Ignazio Ansorenak, txistugileekin mintzatuaz, eurak lanean jarriz, diseinuari buruzko zenbait ideia proposatuz eta prototipoak probatuz. Orain nota diatonikoak ia guztiz afinatuak lortzen dira, jotzaileek apenas zuzendu beharrik gabe. Txistu berri hauek emisio seguru eta garbia bermatzen dute, soinu erregularra, homogeneoa, nola goiko erregistroan hala behekoan. Eta guztia txistuak berezkoa duen hotsaren ezaugarriak errespetatuz, usadioa eta aurrerabidea uztartuz. Jarduera honen ondorioz, txistuak bestelako tresna unibertsalekin bat egin dezake, haiekin elkar jotzea posible izanik, egun. Aukera berri honek interpretazio eremu desberdinak ireki dizkio txistuari, eta talde berrien agertzea ekarri du, zeinetan, berriz ere, Jose Ignazio Ansorena aintzindaria izan den. Piano, kitarra, tronpeta, klarinetea, flauta, ahotsa, marinba...; tresna guzti hauekin batera jo daiteke txistua. Talde guzti hauen artean batzuk errotu egin dira txistugintzan. Hara-nola, txistu-piano bikotea, edata metal bostekoaz lagundutako alarde tankerako taldea. Hirugarrena, berriz, ¡non den musika taldeetan nagusiena: orkestra. Txisturako kontzertu bakarrean Jose Ignazio Ansorenak eragin handia izan zuen, bera izan baitzen bultzatzaile, konpositoreari lagundu zion aditua, eta, azkenik eta oraingoz, jotzaile bakarra. Talde klasikoak soilik aipatu ditudan arren, bestelako musikan ere aritu da, bere grabaziotan entzuten den musika arina kasu. Baina talde guztien artean bada bat bereziki nabarmentzen dena: Donostiako Udal Txistulari Taldea. Bere zuzendaritzapean errepertorio zabala landu du, instrumentazio aberatsak erabiliz eta ezusteko maila artistikoa lortuz. Ansorena buru duela, banda hau erreferentzia nagusi bilakatu da zenbait txistularirentzat. Zalantzarik gabe, Ansorena estiloa existitzen dela esan dezakegu, nola bakarlari gisa nahiz zuzendari bezala. Diskografiari dagokionez, Jose Ignazio Ansorenaren ekarpena zinez aipagarria da. Grabazioen alorrean erabateko eskasia zegoen aroan merkaturatzen ziren bertsio urriak bereak ziren, berritasun ugariekin gainera: Hiru aletan bildutako eta armonizaio berriez apainduriko gipuzkoako dantza zaharren bilduma, orkestrazio berriagoak pop delako estiloan, Iztuetaren lanean oinarrituta, duela 300 urtetako danbolinteroen jomoldeari hurreratzea, edota Donostiako Udaleko Txistu Talde zaharraren grabazio agortuaren berrargitaratzea. Iztueta aipatu dudanez, ezin ahantzi Jose Ignazio Ansorenak, antzineko musikaren bilatzaile eta biltzaile, ikertzaile eta hedatzaile gisa egindako lana. Udal danbolinteroen irudia gure herrietan desagertzear zegoen garaian, eta harekin batera gure kulturaren alor garrantzitsu bat galtzear zegoenean, gure geografian barna abiatu zen, danbolintero zaharrekin bildu eta elkarrizketatu zen, euren errepertorioa bilduz eta, gehien bat, jotzeko modu eta bizimodu baten testigantza jasoaz. Benetako danbolinaren musikaz betetako bildumak esku onetara pasa ziren. Poliki-poliki, partiturak landu egin ditu, ikertu, sailkatu eta batzuk, ez gutxi gainera, gaurkotu Donostiako Udal Txistulari Talde berritzailearentzat egindako bertsioei esker. Era honetan lau haizetara hedatu ditu doinuok, eta ezagutarazi dizkigu galtzear zeuden dantzak. Horietako batzuk, interesgarrienak, Txistulari aldizkariak argitaratu ditu, hezetasun nahiz pipiaren eraginez hondamendian zeuden partiturak ugalduz eta bazkide guztiei elaraziz. Helburu hau bete ondoren, gure historiaren lekuko den, eskuz idatzitako material hau, Eresbilen utzi du, azken sailkapen eta katalogaziorako, edozein ikertzailek zuzenean ezagutzeko moduan lagata Ez du ordea, antzineko errepertorioa bakarrik landu, tankera desberdineko musika ugari konposatu baitu ere: didaktikoa, dantzarakoa, abangoardiakoa, Donostiako Talde Experimentalerako sortutakoa kasu, alardeetako musika,... Beste musikatresnen musika gureganatu du eta hamaika doinu armonizatu ere. Hargatik, Txistulari aldizkariko musikaririk emankorrena bihurtu da. Idazlan eta ikerlan aunitzen egile dugu, horietako zenbaitzuk jakituria handia adierazten dutelarik. Garai gogorrean gure aldizkariko zuzendaritzaren ardura hartu zuen, norabide berria ezarriz, atal berriak sortuz eta etorkizuna ziurtatuko zuen egitura antolatuz. Inongo ezbairik gabe, Elkarteko gizona dugu Jose Ignazio Ansorena, bere konpromezua hainbat lanetan gauzatu duena. Baina ororen gainetik, Jose Ignazio Ansorena txistularia da, hitzak berak duen esanahi osoan. Ez bakarrik kontzertu, dantza saio, diana, korporazio, harrera, inaugurazio, jaialdi edo entzunaldi pedagogikotan txistua jotzen duelako. Ez soilik areto, antzoki, diska, telebista, zirko, arkupe edota kalean aritzen delako. Bere txistu eta danbolina beti pronto daudelako jotzeko noski, egoeraren arabera moldatuaz eta beraien bitartez hitzek eta keinuek ezin dutena adieraziz, txistuarentzat eginkizun berriak asmatuz eta eguneroko bizitzan txertatuz. Euskal Herriko Txistulari Elkartea sortu zenean bere helburuetako bat izan zen, besteak beste, krisi latzean murgilduta zegoen langilegoaren, hots danbolinteroen, interesak defendatzea. Jose Ignazio Ansorenak helburu honen lorpenean izan duen eragina ukaezina, eta egindako ahalegina ezinbestekoa izan dela aitortu behar dugu hirurogeita hamalau urte beranduago. Egun txistulari ofizioak irauten badu, eta den bezalakoa bada, neurri handian berari esker da. Txistugintzan ezinbesteko kidea dugu, jotzeko teknika, pedagogia, tresna beraren organología eraldatu duena, eta etorkizun itxaropentsua sortu duena. Landutako esparruen ugaritasunak, bere lanaren tamainak, sakontasunak eta garrantziak ereduzko txistulari bilakatu dute Jose Ignazio Ansorena, eta jarraitu beharreko adibidea dugu. Merezimendu guzti hauek aintzat hartuta, zuzendaritza-batzordeak hemen bildutako batzarrari Jose Ignazio Ansorena Miner Jaunarentzat Euskal Herriko Txistulari Elkarteko Urrezko Domina eskatzen dio. Villabona, 2001eko martxoaren 31.
|